Proiektua

Zer da Jendaurrean Erabili?

Gaur gaurkoz erakunde eta enpresa asko dira jendaurrean euskaraz (ere) komunikatzen dutenak, eta jarduera horretan esperientzia eta ezagutza handia pilatzen joan dira. Baina ez dira gutxiago euskaraz publikoki komunikatzean zailtasunak eta zalantzak izaten dituztenak. Soziolinguistika Klusterrak UPV/EHU-rekin elkarlanean sortu duen proiektu honek elkar harremanetan jarri nahi ditu esperientzia guzti horiek. Erakundeek edota bestelako eragile publikoek beraien ezagutzak eta zalantzak elkarren artean partekatzeko aukera eskainiz, eta elkar irakaspen horretatik, jendaurreko euskarazko komunikazioa errazago, hobeto eta eraginkorrago egite aldera.

 

 

Zertarako?

Proiektu honek, jendaurreko komunikazioan euskara gehiago, hobeto edo eraginkorrago erabili nahi duten erakunde eta eragileei lagundu eta jardun hori errazteko bide eta bitartekoak eskaintzen dizkie.

Nola?

Euskarazko jendaurreko komunikazio publikoaren inguruan osatu dugu praktika komunitate bat, jarduera horretan egon daitezkeen arazoak, kexak, aholkuak, ideiak, nahiak, asmoak edota eskarmentuak elkarren artean partekatzeko asmoz.

Nori zuzendua?

Zeintzuk dira praktika komunitateko partaide? Praktika komunitatea 9 erakunderekin abiatu zen. Horiek izan dira taldearen muina. 2016eko irailetik aurrera proiektua zabaldu egin da eta euskaraz jendaurrean aritzen den edo aritu nahi duen edozein erakunde edo enpresek har dezake parte.

Nolakoa da praktika komunitateko partaideen parte-hartzea?

Praktika komunitatean modu askotara parte har daiteke: modu aktibo batetik zerbitzu-erabiltzaile hutseraino. Praktika komunitateak modu horiek guztiak bideratzeko baliabideak jartzen ditu hala nahi duenaren eskura: webgunea, bloga, sare sozialak, noizbehinkako bilerak eta topaketak, eta abar.

Zer dute eskura praktika komunitateko kideek?

Euskarazko jendaurreko komunikazioaren inguruan hausnartu eta ekiteko espazio bat. Esperientziak elkar trukatu, zalantzak partekatu, zailtasunak identifikatu, eta soluzio posibleak diseinatu eta abian jartzeko esparrua.