Erakundeetan bilera eta batzar ugari egiten ditugu, txikiagoak eta handiagoak, aurrez aurre eta telematikoki. Batzuetan parte-hartzaileen hizkuntza-gaitasuna zein den jakingo dugu, baina beste batzuetan ezezagunekin egingo dugu topo.
Elkargune horiek erakunde barrukoekin izan ala kanpoko solaskideekin izan, gehiago ala gutxiago antolatu ahal izango ditugu aurretik. Baina, halakoetan ere, komeni da aurrez hausnarketa eta irizpide batzuk izatea eta komunikatzea, parte-hartzaileen hizkuntzak aintzat hartzeko eta guztien ulermena bermatzeko. Horrela, gutxi batzuk guztien jarduna ez dezatela baldintzatu aurreikusi ahal izango dugu. Gainera, barne-bilerek badute isla kanpoan, esaterako, aurkezpena edo dokumentuak prestatzeko orduan.
GAKOAK
ERAKUNDE BARRUKO BILERAK:
- Araututa eduki lehentasuna emateko euskarari, kasuan kasuko neurriekin. Egoera berrien aurrean hartutako erabakiak irizpideetan txertatu.
- Irizpiderik ez badago, bilera hasi aurretik bileraren hizkuntza erabaki. Gogoratu, euskararen ulermena ere aintzat hartzea; alegia, baten bat euskaraz hitz egiteko gai izan ez arren, euskaraz ulertzen badu, euskaraz egin daitekeela bilera.
- Bileran euskarari eusteko pertsona(k) izendatu; alegia, elkarrizketa gaztelaniara pasatzen denean, euskara ekarriko dutena(k) izendatzea.
- Pertsona bakar bat(zuk) badira euskara ulertzen ez dutenak xuxurlariaren aukera aztertu; alegia, beste kide batek belarrira itzultzea elkarrizketa. Aldibereko itzulpenerako aukera aztertu: interprete profesionalak, xuxurlariak, Telegramen bidez…
- Parte-hartzaileen euskararen gaitasunaren berri jaso eta horren arabera moldatu idatzizko materiala (bai bilera egin aurrekoa; iraun bitarteko; baita ostekoa ere). Informazioa erdaldunei idatziz eman dakieke ala aurkezpena erdaraz ala elebitan, ahozkoa euskaraz egin behar bada.
- Batzar jendetsuak badira (trebakuntza-saioak, hausnarketa jendetsuak), bi bilera egiteko aukera aztertu: bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz; azken horretan ere euskarazko presentzia bermatuta (agurrak, galderak euskaraz egiteko aukera).
ERAKUNDETIK KANPOKO ERAGILEEKIN BILERAK:
- Hitzordua lotzerakoan, hizkuntza-gaitasunaren inguruan galdetu, aukera izanez gero.
- Saioa zein hizkuntzatan izango den adierazi.
- Aurretik landu euskara ulertuko ez dutenekin bestelako balibideak erabiliko badira (xuxurlari presentziala edo telegrameko aplikazioaren bidez, esaterako).
- Bilera teknikoetan euskarazko terminoetan zailtasunak badaude, euskarari eutsi termino batzuk beste hizkuntzaren batean erabilita ere.
- Balioan jarri euskaraz egitea eta horretarako xuxurlariak/interpreteak erabiltzea.
ONLINE BILERAK:
- Bilera telematikorako aplikazioa (Teams, Meet, Skype, BBB, Zoom…) euskaraz jarri.
- Aplikazio batzuk aldibereko itzulpenak egiteko eta azpitituluak aktibatzeko duten aukera baliatu (adibidez, Zoom, Meet)