Ekitaldi publikoak edo jende multzo esanguratsu baten aurreko hitzaldi, aurkezpen edo ikuskizunek ere zeresan handia dute erakunde baten hizkuntza kudeaketa publikoan. Ekitaldiak, oro har, aurreikuspen handiarekin antolatzen direnez, hizkuntzen erabilera irizpideak kontuan har daitezke hasiera-hasieratik inprobisatu gabe. Horrela, irizpide horien arabera behar diren bitartekoak finkatu ahal izango dira, maila teknikoaz bezala pertsonen partaidetzaz.
Hartzaile-mota (adina, hizkuntza-gaitasuna, arloa…) edo gaiaren arabera, erabakiko da aurkezpenak edo oharrak zein hizkuntzatan egin; bestelako euskarrietan zein izango den hizkuntzen erabilera (komunikazioa, kartelak, sare sozialak, bideoak, etab.) eta, azkenik, ekitaldian parte hartuko dutenen (berba egingo dutenak) hizkuntza-ezagutza.
Sarri, ekitaldi handiak beste enpresa baten bidez gauzatzen dira. Hortaz, haiei ere hizkuntzen kudeaketaren eta euskararen presentziaren garrantzia heleraziko zaie.
GAKOAK
Hizkuntzen erabilerarako irizpideak zehazterakoan, erakunde bakoitza bere nortasunarekin koherentea izango da. Hortaz, hizkuntza bakoitzak duen pisua edo presentzia bere nortasunarekin erabat lotuta egongo da.
EKITALDIA EGIN AURRETIK:
- Araututa eduki lehentasuna emateko euskarari, kasuan kasuko neurriekin. Egoera berrien aurrean hartutako erabakiak irizpideetan txertatu.
- Kanpo-zerbitzuak kontratatu behar badira, kontratazioko pleguetan argi adierazi hizkuntza-betekizunak zein diren: harrera egiteko profesionalen hizkuntza-gaitasuna, esaterako.
- Ekitaldian izena eman behar bada, parte hartzaileen hizkuntza-ezagutza jaso baliabideak aurreikusteko (esaterako, aldibereko itzulpena).
- Izena emateko formularioaren hizkuntza kontuan hartu.
- Aurreikusi aldibereko itzulpenik beharko den.
- Ekitaldiaren zabalkunderako erabiliko diren euskarrietan hizkuntzaren alderdia aintzat hartu (sare sozialak, prentsaurrekoak, etab.) eta ekitaldiarekin berarekin koherente jokatu.
EKITALDIAN BERTAN:
- Harrera egingo duten kideen hizkuntza-gaitasuna zaindu eta harrerako protokoloa zehaztuta utzi.
- Aretoko hizkuntza-pasaiari ere arreta jarri: gelen izenak, noranzkoak, etab.
- Sarrera eta agur hitzetan euskararen presentzia bermatu; baina ez mugatu horretara.
- Idatzizko euskarriak banatuko badira, zein hizkuntzatan egingo diren hausnartu eta erabaki.
- Ekitaldiko esatariek erabiliko duten hizkuntzaren arabera, aurkezpena beste hizkuntza batean erakutsi edo aulkietan beste hizkuntzetan idatzitako laburpena jarri.
- Ekitaldiko parte-hartzaileak taldeetan banatuko badira, euskararen erabilera bermatzeko neurriak jarri (talde berezituak, xuxurlariak, etab.)
- Entzuleei galdera egin duten hizkuntzan erantzungo zaiela bermatu.
- Zalantzak eta erresistentziak kudeatzeko prestatu: irizpideak errepasatu, euskarak lehentasunak izatearen arrazoiak, erdara hutsaren aldeko argudioie erantzunak.
- Euskara ulertzen ez dutenentzat zer baliabide izango den argi adierazi.
EKITALDIAREN ONDORENGOAK:
- Ekitaldiaren ostean, bestelako komunikaziorik bada, hartzaileen hizkuntza-aukera/-gaitasuna kontuan hartu.
- Gogobetetze-inkesta bidaliko bada, hizkuntzen kudeaketaren inguruan ere galdetu.