Euskaraz komunikatzeak erakundearen irudiari eragiten dio, erakunde horrekin harremanetan dauden herritar, bezero eta gainerako erakundeek horren arabera baloratuko dutelako eskaintzen zaien zerbitzuaren edota produktuaren balioa, kalitatea, gertutasuna eta sinesgarritasuna. Euskara erakundearen markaren, identitatearen eta balioen parte izateak zentzua ematen dio erakunde/enpresak inguruari eta gizarteari egiten dion ekarpenari, daukan ardura eta konpromiso sozialari eta euskararen biziberritze prozesuan izan dezakeen paper aktiboari.
Era berean, erakunde eta enpresaren marka eta kanpo irudia eraikitzerakoan, praktika linguistiko positiboak eta eraikitzaileak lagunduko digute euskara prestigiatu eta biziberritzen. Euskara gaur egungo hizkuntza moderno gisa eta etorkizunerako hizkuntza baliagarri gisa kokatuz, hizkuntza prestatu bezain moldagarria dela erakutsiz, erro sakonekoa bezain bizia, bizitzaren eremu guztietan erabilgarria eta noranahikoa, akademikoa bezain jatorra. Hala, hizkuntzari lotutako diskurtsoetan eta ekintzetan jarriko dugu arreta eta hizkuntzaren biziberritzeari mesede egiten ez dioten ikuspegiak ekidingo ditugu: euskara erromantizatu, exotizatu edota fetitxizatzea.
GAKOAK
- Koherentzia: hitzetatik ekintzetarako oreka zaindu, euskara kudeatu, izan eta egin.
- Euskarazko sorkuntzaren garrantziaz jabetu; publiziatean, sormen lanean… jatorrizko sortze hizkuntzan euskara ere badagoela bermatu eta itzulpen/ordain bihurriak eta kalko okerrak ekidin.
- Marka enbaxadoreen (influencer, etab) hizkuntza praktikak baliatu, erakunde/enpresaren irudia euskaltzalea indartu.