ZERGATIK?
Erakundearentzat ona delako
Egoki komunikatzea
Erakundearen komunikazioa bere hartzaileei ahalik eta modu egokienean iritsiko zaielako. Komunikazioa eraginkorra izango delako. Hizkuntzen erabilera irizpideak hausnartuak, adostuak eta funtzionamendu egokiari begira ordenatuak izango direlako.
Marka lantzea
Erakundeak bere irudia proiektatzeko modua zaintzen duelako hizkuntzak egoki kudeatzean: transmititu nahi duen markaren ezaugarriak, transmititu nahi dituen baloreak edota ongi egindako lanaren irudia.
Bakoitzarekin bere hizkuntzan jardutea
Mezuak eta informazioa beren hizkuntzan eskuratzean edo bakoitzak ulertzeko moduan eskaintzean erakunde komunikazioan zuzenean edo zeharka inplikatutakoekiko gertutasuna eta atxikimendua handituko delako: bezeroak, langileak, ikusle-irakurleak…
Profesionaltasunez jardun nahi dugulako
Kudeaketa hobetuz
Jendaurreko komunikazioaren esparruan hizkuntzak erabiltzeko irizpideak finkatzeak ez dio lekurik uzten arbitrariotasunari, inprobisazioari eta irizpide pertsonalei. Erakundearen politika gisa ezarri behar da komunikazio publikoko hizkuntzen erabilera, egoera eta euskarri bakoitzean hautu egokiena zein den hausnartu eta adostu ostean.
Zerbitzu hobea emanez
Kalitatezko zerbitzuaren definizioan sartzen da komunikazioan hizkuntzen kalitatezko kudeaketa egitea. Erakunde batek lanketa hori eginda daukanean, bere komunikazioaren hartzaileek nabaritu egiten dute.
Eleaniztasunean bizi garelako
Mundu globalizatuan
Mundu osoarekin konektatuta dihardugulako; lurralde askotakoak direlako gure informazio iturriak, gure hornitzaileak, gure aliantzak, gure bezeroak, gure lankideak eta gure lehiakideak; lurralde bakarrera eta hizkuntza bakarrera mugatutako jarduerarik ia ez dagoelako, honezkero.
Ingurune konplexuan
Komunikazio prozesuak, lan prozesuak eta alde anitzeko harremanak hizkuntza bat baino gehiagotan gertatzen dira. Pertsonak eta erakundeak hainbat hizkuntzek zeharkatzen dituzte. “Erakunde bat = hizkuntza bat” ikuspegia ez da gai gaur egungo errealitateari behar bezala erantzuteko; konplexutasuna kudeatzeko prest egon behar gara.
Ardura dugulako
Euskararekiko
Euskara hizkuntza gutxitua da. Euskal Herrian mendeetan hitz egin den hizkuntza egoera zaurgarrian dago eta ez ditu bermatuta bere biziraupenerako baldintzak. Historikoki euskara mespretxatua izan da eta euskaldunei ukatu egin zaie beren hizkuntza erabiltzea. Dinamika horri buelta eman eta etorkizunari begira biziberritu dadin, garrantzitsua da gizarteko eremu eta testuinguru desberdinetan euskara erabili ahal izatea eta euskaraz funtzionatzen duten guneak hedatzea.
Gizartearekiko
Euskal gizarteak erakutsi du euskara biziberritzeko borondatea. Gizarte honekin konprometitutako erakunde orok, kontuan hartu behar ditu bere idiosinkrasia eta baloreak. Erakundeoi ere badagokigu gizarte justuago, berdinzaleago, parekideago eta orekatuago baten aldeko urratsak egitea eta euskararen erabilerari ateak zabaltzea.
Munduarekiko
Munduko hizkuntza aniztasuna arriskuan dago. Hurrengo hamarkadetan milaka hizkuntza desagertzea iragarrita dago. Hizkuntza horietako bakoitzak ekosistema kultural bat du bere inguruan eta horiek galdu ahala, homogeneizatzen gara eta aberastasuna galtzen dugu gizakiok. Ekologia linguistikoaren ikuspegitik, hizkuntzetan anitza den mundua aberatsagoa da. Aniztasun horri ahalik eta neurri handienean eusteko, pertsona bakoitzaren eta erakunde bakoitzaren jokaerak eragiten du. Horregatik, subsidiaritate printzipioaren arabera jokatuz, beharrezko kasuetan soilik baliatuko dira lingua francak eta ahal den guztietan bertako hizkuntza (txikia) baliatuko da.