Jendaurrean Erabili proiektuan jendaurreko komunikazioan euskara gehiago, hobeto edo eraginkorrago erabili nahi duten erakunde eta eragileen jarduna errazteko bide eta bitartekoak lantzen dira. Proiektua 2015an martxan jarritako Praktika Komunitatearen inguruan artikulatu da. Izaera eta alor desberdinetako erakunde sozial, pribatu eta publikoak biltzen dira, euskarazko komunikazioaren inguruko esperientziak partekatu eta elkarrengandik ikasteko gune aktiboa den Praktika Komunitatean.
Prestakuntza saioak jaso dituzte proiektuko partaideek komunikazio publikoaren esparruko denetariko gaien inguruan; testuinguru informaletan, informazioa trukatu dute; elkar eragiten diote solasaldiotan jakintza eta lan esperientzia partekatuz, eta, elkar eragitearen eragitez ikaskuntza prozesu bat mamitzen da. Parte hartzaileen jakintza garatuz doa euren solas-trukeen bidez. Garapen horretan oinarritu zuen Wengerrek Praktika Komunitateen Teoria.
Euskal Herriko Unibertsitateko eta Soziolinguistika Klusterreko kidez osatutako ikerketa-talde batek izan du Praktika Komunitatea koordinatu eta elikatzeko ardura. Era berean, ikerketa-taldeak Praktika Komunitatearen jardueratik ikasgai eta ondorio orokorrak ateratzeko ikerketa-ildoak gauzatzen ditu.