Komunikazio publikoaren esparruan hainbat protagonista bereizi ohi dira: nagusiki, hedabideak eta erakundeak. Bien arteko harremana ez da beti era berean gertatzen, eta ez da beti zuzenekoa (bitartekariak ere izan ohi dira tartean). Kanpo-komunikazioari lotutako behar batzuk bideratzeko, hedabide tradizionalez (prentsa, irratia, telebista) gain, erakundeek beren bitarteko propioak (sare sozialak…) baliatu ohi dituzte. Edozein delarik kanala, gure eremuan, komunikaziorako aukeratuko den hizkuntzak ekintzaren bideragarritasuna baldintzatuko du. Erakundeek beti dituzte beren hartzaileak kontuan, komunikazioari ekiten diotenean; besteak beste, haien hizkuntza ohiturak baita haien hizkuntza identitatea ere. Gure testuinguru soziolinguistikoan, hedabideen hizkuntza ohiturak ere nahitaez dira kontuan hartu beharrekoak.
Hedabideekin ditugun harremanak askotarikoak izan ohi dira enpresa eta erakundeetan: elkarrizketak, prentsaurrekoak, gosariak… Hortaz, hainbat alderdi hartuko dira kontuan:
- Idatzizko dokumentazioa: prentsa-oharra, dosierrak, etab.
- Hizlarien hizkuntza-gaitasuna: prentsaurrekoan hitz egingo dutenek hizkuntza-gaitasunaren arabera, hizkuntzen arteko oreka ezberdina izan daiteke.
- Hartzaileen hizkuntza-gaitasuna: prentsaurrekoa herri-mailakoa edo nazioartekoa den, bertako edo kanpoko hizlariak dauden…
Garrantzitsua da, edozein ekitaldi prestatzeko garaian, protokoloak, txantiloiak eta ekitaldia prestatzeko beharrezko dokumentazioa euskaraz edukitzea. Oro har, euskaraz lan egiten ez duten erakundeentzat, protokoloa euskaraz izatea lagungarria da, antolaketaren lan-hizkuntza euskaraz eman dadin.
GAKOAK
- Komunikazio sailak/arduradunak aurretik hausnartuta eta araututa izatea nola erabiliko diren hizkuntzak. Erakunde edo enpresaren nortasunarekin koherentea izango da hizkuntzen erabilerarako egindako proposamenak eta beharrezko baliabideak izatea hizkuntza-politika hori aurrera eramateko.
- Parte-hartzaile guztiek jakin behar dute zein diren hizkuntzak erabiltzeko irizpideak, hau da, nola erabili behar dituzten. Horretarako, gomendagarria da alorrari dagozkion irizpideen zerrenda zehatza izatea eskura hedabideekin harremanak dituzten profesionalek.
- Hedabideei jakinarazi prentsaurrekoan edo bestelako harremanetan zein izango den hizkuntzen erabilera: hizlariek zein hizkuntza erabiliko duten, erantzunak nola emango diren, materialaren hizkuntza, etab…
KAZETARIAREKIN HARREMANAK:
- Prentsa-oharraren hizkuntza: euskara hutsean, ele bietan, euskarazko nagusi eta gaztelaniazko laburpena edota erakundeak erabiltzen dituen bestelako hizkuntzak.
- Euskara hutsean lan egiten duten hedabideekin harremana euskaraz egitea, bai ahoz, bai idatziz.
PRENTSAURREKOAK:
- Prentsaurrekoa egin aurretik antolatu hizkuntzak nola erabiliko diren.
- Atalak banatuta, batzuk euskaraz, beste batzuk gaztelaniaz, beharrezkoa bada ingelesez, …
- Portzentajeak neurtuta, diskurtsoaren hizkuntza bakoitzari % kopuru bat emanda.
- Diskurtso osoa bi hizkuntzatan eginda.
- Aldibereko itzultzailea erabilita.
- Esan osteko interpreteekin.
- Jakinarazi prentsaurrekoaren hizkuntza, ez-ohiko jarduera baldin bada (adibidez, kirol talde batek europar txapelketa batean parte hartzen badu eta jatorri desberdina duten kazetariak baldin badaude) edo Euskal Herritik kanpo jardun behar duen edozein erakundek eta agerraldian euskal kazetarien presentzia espero bada. Gogoratu ikus-entzunezkoak azpititulatu edo bikoiztu egin daitezkeela telebista edo irratirako eta, hortaz, hizlariak edozein hizkuntza erabil dezakeela.
- Ezagutu prentsaurrekoan parte hartuko duten kideen hizkuntza-gaitasuna eta horren arabera egokitu hizkuntzen erabilera, baina betiere euskarari lehentasuna emanda.
- Euskara jakin arren jendaurrean erabiltzeko eroso sentitzen ez diren eledunen kasuan edota gaitasun nahikoa ez badute, prestakuntza berezia eskainiko diegu, ahozko erabileretan trebatzeko.
- Gutxienekoak ezarri, euskararen presentzia beti bermatzeko, baita inork ez dakienean ere.
- Hizlariak izan ditzakeen zailtasunak aurreikusi: hitz edo paragrafo zailak edota deserosoak, hitzartzeak entrenatu, hitzak ahoskatu behar diren modua adierazi euskaraz ez badaki…
- Prentsaurrekoa jasotzera doazenek eurek nahi duten hizkuntza erabiltzeko bideak jarri.
- Prentsaurrekoa euskara hutsean baldin bada, azter daiteke euskaraz ez dakiten hedabideei txostena gaztelaniaz ematea.
- Hizlarien hizkuntza-gaitasuna kontuan hartuta, euskarari lekua eman. Baita aukera dagoen neurrian, gaiari lotutako galderak aurreikusi eta erantzuna eman ahal izateko prestatu.
- Hitz egingo den hizkuntzari ez ezik, hizkuntza paisaiari garrantzia eman eta zaindu infografiak, bideoak, eta aurkezpenerako erabilitako euskarriak euskaraz edo beharrezko hizkuntzatan egotea.
- Prentsaurrekoa ele bietan bada, euskarazko atalean eduki esanguratsuak komunikatu, ez bakarrik bigarren mailako kontuak.
HEDABIDEETAN PARTE HARTZEA:
- Irratian edo telebistan parte hartzea eskatuz gero, hizlari euskalduna eskaini.
- Hizlariak euskaraz egiteko trabak edo zailtasunak izanez gero, aurretik trebakuntza eskaini. Edota aukera badago, galderak aurretik eskatu eta prestatu.
- Euskaraz eta gaztelaniaz eskatuz gero hitzak, lehenetsi euskara hutsean egitea, ondoren gaztelaniazko katean azpititulatuta agertzeko.
- Euskara erabiltzen ez duten Euskal Herriko komunikabideekin harremanetarako hizkuntzen gainean hausnartu: euskaraz bakarrik, bietara…