Erakunde batek jendaurrean eta publikoki euskaraz funtzionatu ahal izateko garrantzitsua da bere kideek euskararekiko dituzten portaera, iritzi eta aurreiritziak ezagutzea. Izan ere, lidergo rola duten kideek (lidergo exekutiboa, ekipoetako lidergoa, lidergo naturala, etab) euskararekiko dituzten diskurtsoak eta praktikak eragin zuzena izango dute erakundean. Asko egin dezakete euskaraz funtzionatzeko aukerak sortzen, ekintza eredugarriak sustatzen, lidergo berriak aktibatzen, jarrerak entzun eta eraldatzen, uste okerrak edo zailtasunak kudeatzen eta horiekin berariazko esku-hartzeak egiten.
Hizkuntza portaerak ezagututa, horiek eraldatzeko euskararen aldeko motibazio ekintzak sustatuko ditugu erakunde/enpresaren baitako kideek euskararen alde egotetik egitera igaro daitezen. Helburua izango da lankideak euskarara gerturatzea eta euskaraz komunikatzeak eta lan egiteak dakartzan onurak ikusarazi eta balioan jartzea: gogobetetze maila handitzea, talde atxikimendua indartzea, lankide harremanak sendotzea, hizkuntza eta kultura ekosistema oso batetara sarbidea eskuratzea zein gizarte kohesioan ekarpena egitea. Era berean, zerbitzuaren kalitatea hobetu eta enpresa/erakundearen lehiakortasuna handituko da.
Horrekin batera, erakundean eremu publikoetan, bilera eremuetan, harreran euskararen erabilera sustatzeko txartelak, gomendioak, jarraibideak lagungarriak izango dira erakundeko kideak zein bertara datozen kanpoko bistariak euskara erabiltzera animatzeko.
Sentsibilizazio eta motibazio ekintzak maila desberdinetakoak izan daitezke:
- Hizkuntza portaeretan eragiteko hausnarketa eta sentsibilizazio saioak: soziolinguistika, hizkuntzen ekologia, TELP tailerrak…
- Motibazio zein sustapen ekintzak: lankideen arteko lehiaketa edo ginkanak, txapelketak, beste erakunde edo egitasmoak ezagutzeko bisita edo irteerak, hitzaldiak…
- Ekimen sozial orokorretan parte hartzeko ekimenak: euskararen nazioarteko eguna, Egunean behin, Korrika, Euskaraldia, Gaitu…
- Euskara eta euskal kulturari lotutako gomendioak: irakurketa gidak, liburu, disko, antzerki, museoen gomendioak…
GAKOAK
- Hizkuntzarekiko jarrerak ezagutu, aukerak eta zailtasunak identifikatu
- Euskararen (eta hizkuntza kudeaketa egoki baten) onurak erakutsi: gogobetetzea, kohesioa, inklusioa, atxikimendua, kalitatea, lehiakortasuna…
- Euskararen aldekotasuna sustatzeko ekimenak antolatu.
- Euskararen aldeko jarrerak aktibatu, eredugarritasuna eta lidergoa sustatu.
- Erakundeak kanpo komunikazioan dituen hizkuntza irizpideak gogorarazi: euskararen erabileraren aldeko mezuak, gomendioak, oharrak…