Jendaurreko komunikazioan hizkuntza irizpideak adostuta eta onartuta izateak lagunduko digu erakundean kanpora begirako komunikazioan hizkuntzaren kudeaketa nola egingo dugun zehazten. Hizkuntza kudeaketaren gainerako arloetan bezala, hizkuntza irizpideak dokumentu batean formalki jasota baldin baditugu, erakundeko kide orok jakingo du hizkuntzari dagokionez nola funtzionatu komunikazio publikoari lotutako arloetan: sare sozialetan, prentsaurreko eta ekitaldi publikoetan, publizitatean, prentsa eta kanpo harremanetan, irudi korporatiboan, ikus-entzunezkoetan…
Hizkuntza irizpideak betearazteko komenigarria izango da erakundean euskararen egoera zein den ezagutzea: erakundearen ordezkari, bozeramale publiko eta komunikazio arloko langileen euskara maila; komunikazio publikorako baliabide, tresna eta kanaletan euskararen egoera zein den; erakundearen interes taldeen euskara ezagutza eta erabilera zein den; hizkuntza ohiturak zein diren… Horrela, abiapuntuko egoera zein den jakingo dugu eta ezarritako helburuetara iristeko martxan jarri beharreko ekintzak edota hobekuntza neurriak zehaztu ahal izango ditugu.
Zentzu horretan, garrantzitsua izango da hizkuntza irizpideak enpresa edo erakundearen egoera eta ingurune soziolinguistikoaren arabera zein nazioarteko balizko testuinguruetara ere egokitzea. Enpresa edo erakundearen izaera juridikoaren arabera ere (entitate publikoa, pribatua…) izango ditugun aukerak baliatu edo mugak aintzat hartuko ditugu.
Euskarak erakundean zein leku daukan eta etorkizunean zein leku izan dezakeen gogoeta egitea interesgarria izango da, balioan jarrita zein eremutan funtzionatu ahal izango den euskara hutsean eta zeinetan ele bietan. Horrekin batera, erakunde osoak irizpideak ezagutu ditzan neurriak hartuko dira: aldiro irzipideen barne zabalkundea egin, prozedurak zehaztu, langile berrien harreran txertatu…
GAKOAK
- Parte hartzea: hizkuntza irizpideak berariaz landu eta adostuko dira erakunde edo enpresako kideen artean.
- Egokitzea: hizkuntza irizpideak dagokion egoera eta ingurune soziolinguistikora zein nazioarteko testuingurura egokituko dira.
- Onarpen formala: idatziz jasoko dira eta dagokion organu erabakitzaileak formalki onartuko ditu.
- Jakinarazpena: hizkuntza irizpideak kolektibo osoak ezagutu eta barneratzeko informazio kanal egokiak ezarriko dira. Hizkuntza irizpideak errazak, argiak eta ulerterrazak izango dira eta teknikoki egingarriak.
- Erakundetzea: erakundearen prozedura eta sistemetan txertatuta izatea, aldian-aldian hizkuntza irizpideak eguneratu eta hobetzeko jarraipena egitea, egoera berriak arautu edo/eta beharrezko aldaketa eta hobekuntzak txertatzeko.
- Jarraipena eta betetze-maila: hizkuntza irizpideak beterazteko dagokion organo eskuduna izendatuko da, irizpideen betetze-maila neurtu eta dagokion neurri zuzentzaileak proposatzeko.